November 26, 2013 0 Iruzkinak
Konpetentzia onartzeko sistemari buruzko kontsulta askotxo jasotzen ari garenez gero, komenigarria iruditu zaigu honako azalpen labur hau idaztea:
Konpetentzia onartzeko sistema hori baliagarria da lan-esperientziaren bidez, ofizialak ez diren ikastaroen bidez, autoprestakuntzaren bidez eta abar ikasi duten pertsonen ikaskuntza horiek aintzat hartzeko eta ofizialki onartzeko eta egiaztatzeko.
Prozedura horren bitartez, pertsonek profesionaltasun-ziurtagiri bat lor dezakete -osorik edo zati bat-. Egiaztagiri horiek LANBIDEk edo dagokion erkidegoko enplegu-zerbitzuak ematen ditu, eta Estatu osoan dute indarra. Lanbide-konpetentziaren egiaztagiri ofizial bat izateaz gain, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu batekin baliozkotzeko aukera ere ematen du, baldin eta sistema horren bidetik prestatzen jarraitu nahi bada. Nolanahi ere, azken kasu horretan, Lanbide Heziketako ikasketak egiteko baldintzak bete beharko dira, hau da, DBH titulua edo baliokidea eduki beharko da teknikari titulu baterako, eta batxilergoko titulua edo baliokidea eduki beharko da goi-mailako teknikari titulu baterako. Halakorik ezean, bi kasuetan sarrerako proba gainditu beharko da.
Onarpen-prozedura EHAAn eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean https://ivac-eei.eus/eu/ikasketa-egiaztatzea/egungo-deialdia/ argitaratzen diren deialdien bidez bideratzen da.
Enplegurako prestakuntza-eskaintzari dagokionez, LANBIDEk zein HOBETUZek profesionaltasun-ziurtagiriak (enplegu-sailaren egiaztagiri ofizialak) lortzera zuzentzen den prestakuntza eskaintzen dute. HOBETUZen eskaintza, batik bat, lanean ari diren langileei zuzentzen zaie eta, hori dela eta, eskaintza "zatikatua" edo partziala da, hau da, lanean ari diren eta, hortaz, ziurtagiriaren ordu guztiak emateko ordutegi-aukerarik ez duten pertsonei zuzentzen zaie. Era berean, onarpen-prozedura pasa ondoren, profesionaltasun-ziurtagiri baterako egiaztapen partziala soilik lortu duten pertsonek eskaintza hori balia dezakete profesionaltasun-zurtagiri horren prestakuntza osatzeko. LANBIDEren eskaintza, berriz, langabezian diren langileei batez ere zuzentzen zaie eta, hala, profesionaltasun-ziurtagiriaren eskaintza osoa egiten da.
Horrenbestez, hau egin beharko duzu:
· Lehenik, zure ezagupenei zer profesionaltasun-ziurtagiri dagokion, edo dagozkion, jakin beharko duzu. Gerta daiteke profesionaltasun-ziurtagiri oso bat eta beste baten zati bat betetzea, edo gerta daiteke profesionaltasun-ziurtagiri baten zati bat soilik betetzea. Ez dio axola, egiaztatzen eta metatzen joan daitezkeen moduluetan banatuta daude.
· Bigarren, lehentxeago aditzera emandako webgunean, ziurtagiri horietakoren baterako deialdiren bat irekita dagoen begiratu beharko duzu.
· Hirugarren, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuarekin harremanetan jarri beharko duzu, agentzia horrek kudeatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoan prozedura hori. Agentzia horrek argituko dizu izena emateko zer izapide egin behar duzun eta zein ikastetxetan gauzatzen den prozedura.
Azkenik, zure iritziz onarpen-prozeduraren bidez lor dezakezunaren arabera planifika dezakezu zure balizko prestakuntza-ibilbidea, betiere ziurtagiri bat lortzeko ustez falta zaizuna osatzeko eta, oro har, zure lanbide-kualifikazioan aurrera egiteko. Prozesu horretan, lanbide-heziketako ikastetxe integratu batean orientabide-zereginak egiten dituen pertsona baten laguntza eska dezakezu, edo LANBIDEren orientazio-zerbitzuetara jo dezakezu.
Argitaratzailea IVAC KEI
Artikulua kategoria honetakoa da Argitalpenak
Argitaratzen ditugun artikuluen berri ematea nahi baduzu, IVAC-EEIren newsletterrera harpidetu zaitezke; ez baduzu jarraitu nahi informazioa jasotzen, harpidetza ezeztatu dezakezu.
HarpidetzaIVAC-EEIren blogean kolabora dezakezu. Blogean argitaratzeko artikuluren bat bidali nahi baduzu, formularioaren bitartez egin dezakezu.
ARTIKULU BAT BIDALTZEA
OHARRA: Artikulu eta iruzkinak jatorrizko hizkuntzan argitaratzen dira.